Adostasun zabala dago planetako mugapenen barruan bizi eta egungo zein etorkizuneko belaunaldientzako etorkizun seguruagoa ziurtatzeko beharrari dagokionez. Hala ere, desadostasun handiak daude oraindik helburu horietara iristeko moduari buruz. Ikerketa honek desadostasun horien oinarria arakatu du, jasangarritasunaren eta justiziaren mesedetan elkarrekin lehian dauden lau ikuspegiren oinarriak aztertuz: Naturaren Babesa, Ekonomia Berdea, Lurraren Administrazioa eta Dibertsitate Biokulturala, eta Desazkundea eta Hazkunde-ostekoa.
Jarrera horietan natura baloratzeko moduan dauden desberdintasun argiak egiaztatzea izan da ikerketa honen funtsezko aurkikuntzetako bat. Hartara, Naturaren Babesak naturaren berezko balioa edo “natura berez” lehenesteko joera du; Ekonomia Berdeak naturaren balio instrumentalak lehenesteko joera du, “natura gizartearentzat”; Lurraren Administrazioak eta Dibertsitate Biokulturalak balio horiek onartzen dituzte, baita naturaren harreman-balioak ere, “natura gizarte gisa”; eta “Desazkundeak” balio mota horiek bildu eta nahikotasuna eta birbanaketa lehenesten ditu.
Natura baloratzeko dauden desberdintasunak dira ikuspegi bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak, eta azpiko balioetan dagoen dibergentzia honi esker azal daiteke zergatik den hain zaila batzuetan hurbilketa desberdinen arteko konpromisoa lortzea. Beste jarrera batzuetatik datozen ideiak aintzat ez hartzeko joera dago, eta honek zaildu egiten du klima eta biodibertsitatearen krisia konponduko duen eskala handiko mugimendu bat eraikitzea.
Hala ere, desadostasunezko oinarri hau agerian uzteak ere aurrera egiten lagunduko digu, potentzialki eraldatzaileagoa izango den ingurumen-ikuspegi inklusiboago baten beharra islatzen duen heinean, betiere naturaren balio pluralak aitortuz eta errespetatuz. Horretarako, ikerlanak balizko hiru bide zehaztu ditu: erabaki-hartzeetan naturaren balio pluralak ikusarazi eta erabilgarri egingo dituzten lan-metodoak erabiltzea; dagozkien erakundeak erreformatzea balio plural horiek praktikan integratu ahal izango direla bermatzeko; eta azkenik, ekonomia berdearen ikuspegiaren egungo mendeperatze-egoerari eusten dioten botere-asimetriei heltzea.
Unai Pascual Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaile eta ikerketaren egilekideak Biodibertsitate eta Zerbitzu Ekosistemikoei buruzko Gobernu Arteko Plataformaren (IPBES) Balioen Ebaluazioko buruetako bat izan da, eta haren iritziz, “garrantzitsua da aitortzea alde handiak daudela jasangarritasunerako ibilbide desberdinetan lehenetsitako balioetan, baina hori bezain garrantzitsua da kontuan hartzea ibilbide desberdinen artean partekatutako balioak aurki daitezkeela, eta balio partekatu hauek aldaketa eraldatzaileak aktibatzeko balia daitezkeela, naturarekin harmonian bizi ahal izateko”.
Berrikitan, Erresuma Batuko Philosophical Transactions of the Royal Society aldizkarian argitaratutako artikulu osagarri batean, Unai Pascualek eta bere lankideek zehatz-mehatz ikertu dute nola integratzen diren erabaki-hartzeetan naturari buruzko balioak. Adierazi dutenez, ekonomiaren hazkundearen mesedeko erabaki politiko eta ekonomikoek jasangarritasunarekin lerrokatuta dagoen balio-sorta zabala ahultzeko joera dute, eta ingurumen-politikak berak ere naturaren balio pluralen multzo mugatu batera bideratzen dira.
“Oro har, bi ikerlanek argi utzi dute naturari buruzko balioen aniztasunaz jabetu behar dugula eta balio horiek erabaki-hartzeetan integratu beharko liratekeela etorkizun bidezkoago eta jasangarriago baterantz igarotzeko. Hori ez egiteak arriskuan jarriko luke gizarteko sektore guztietan aldaketa eraldatzaileak egiteko beharrezkoak diren palanka sozialak aktibatzeko aukera”, ziurtatu du Pascualek.
Erreferentzia bibliografikoa
One Earth. Ikerketarako esteka: https://www.cell.com/one-earth/fulltext/S2590-3322(24)00146-5
Philosophical Transactions. Ikerketarako esteka: https://royalsocietypublishing.org/doi/10.1098/rstb.2022.0315