Berriak

DNA anomaloaren aurkako erantzun immunea argituz

Una célula con ADN anómalo (magenta) es detectada por las células vecinas (gris-cian) gracias a un nuevo biosensor (amarillo).

Gure zeluletan dugun cGAS izeneko DNA-detektagailuak informazioa helarazten dio sistema immunologikoari infekzio biral eta bakterianoei buruz, heriotza zelularrari buruz eta minbizian gertatzen den eraldaketari buruz. Ikerbasqueko Sergio P. Acebrón ikerketa-irakaslea (UPV/EHU eta Heidelbergeko Unibertsitatea) buru duen ikertzaile-talde batek prozesu zelular hori “berrerabili” du biosentsore fluoreszente berri bat sortzeko. Ikerketa EMBO Journal aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta askotariko aukerak eskaintzen dituen tresna biomedikoa sorrarazi du, zelula-populazioetan DNA anomaloaren aurkako erantzun immune innatoa bistaratu ahal izateko.

Gure zeluletako bakoitzaren informazio genetikoa nukleoan (DNA genomikoa) eta mitokondrietan (DNA mitokondriala) gordeta dago. Kontserbatutako bide molekular batek, cGAS, STING eta IRF3 proteinek kontrolatuta, DNA konpartimentu horietatik kanpo detektatu eta ondoko zelulei eta sistema immunologikoari helarazteko gaitasuna du, bigarren mailako mezularien bitartez, cGAMP eta Interferona kasu. Horrela, sistema honek “labana suitzarraren” moduan jokatzen du, gorputza nukleotik nahiz mitokondrietatik kanpoko DNA zatiak izan ohi dituzten zelula kaltetuen aurka eta infekzio biral eta bakterianoei lotutako kanpoko DNAren aurka babestuz.

Prozesu hauen deserregulazioa erantzun immunearekin lotuta dago infekzio biraletan eta minbizian, eta horren aktibazio anomaloa gaixotasun autoimmuneekin. Ikerketa honek frogatu duenez, aktibatutako STINGen eta IRF3ren arteko interakzio funtzionalaren ingeniaritza erabil daiteke zelularen barruko nahiz kanpoko cGAMP mezulariari emandako erantzunaren espazio-denborazko dinamika heterogeneoa atzitzeko. Biosentsore fluoreszente berri honi esker, irudiak aztertzeko tresnekin batera, bertatik bertara ikus daiteke banakako zelulek nahiz zelula-populazioek herpesaren birusak eragindako infekzioari ematen dioten erantzuna, baita apoptosian gertatzen den DNA mitokondrialaren liberazioari eta DNA anomaloaren beste iturri batzuei emandakoa ere.

Normalean, tumoreen garapena DNA genomikoa duten kromosomen segregazioan izandako akatsekin lotzen da, nukleotik estrabasatzeko aukera ematen baitute. Biosentsore berria erabiliz, ikerketak argi utzi du gaizki segregatutako kromosomek ez dutela immune innatoa aktibatzen STINGren bitartez, seguraski histonek DNA genomikoa modu naturalean paketatzeko duten gaitasunaren ondorioz. Aurkikuntza hau garrantzi handikoa da, izan ere, zenbait saiakuntza klinikok STING balizko helburu terapeutikotzat planteatu dute desegonkortasun kromosomikoa duten tumoreen aurka jokatzeko.

Ikerketa hau garrantzizko aurrerapausoa da erantzun immune innatoaren arloan, izan ere metodo bat eman dio komunitate zientifikoari prozesu horiek eredu biologiko konplexuetan bistaratu ahal izateko.