
2025a urte berezia izango da Euskadiko zientziarentzat. UNESCOk aldarrikatutako Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtearen ospakizunarekin bat eginez, azpiegitura zientifiko berri batek Euskadik nazioarteko panorama zientifikoan duen garrantzia indartuko du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak partaide eta Ikerbasque bultzatzaile dituen Eusko Jaurlaritzaren BasQ -Basque Quantum- Estrategiak garrantzi handi-handiko pausoa emango du bere helburuak garatu ahal izateko: IBM-Euskadi Quantum Computational Center martxan jartzea Ikerbasque eraikinean, IBMren ordenagailu kuantiko indartsua hartuko duen azpiegitura.
Erronkak eta aukerak
Javier Aizpurua 2023ko abenduaz geroztik arduratzen da Basque Quantum Estrategia garatu eta hedatzea xede duen BasQ erakundeko zuzendaritza zientifikoa. Bere agintaldian, hainbat ikerketa-ildo bultzatu ditu, erakunde desberdinen ekintzak koordinatuz, garrantzizko enpresenak barne, IBM kasu.
BasQ-ren webgunean, Aizpuruak Euskadik kuantikaren alde egindako apustua errepasatzen du, baita heldu beharreko erronka zientifikoak, aro teknologiko berriaren hasiera eta euskal gizarteari ekarriko dizkion onura sozialak ere.
2025ean, Ikerbasqueren Donostiako eraikina egiteko lanak amaituta, IBMk azpiegitura kuantikoaren instalazioari hasiera emango dio. 2025eko laugarren hiruhilekoan abian jartzea aurreikusi da, eta horri esker, Euskadi IBMren zentro kuantikoen munduko sarean sartuko da (Estatu Batuak, Kanada, Alemania, Hego Korea eta Japoniarekin batera) ikerketa kuantiko orokorraren aurrerapenaren mesedetan eta bereziki euskal ekosistema zientifikoaren garapenari onura eginez.
Etorkizuneko ordenagailuaren instalazioak eta BasQ-ren estrategia osoaren garapenak Euskadi Teknologia Kuantikoen arloko nazioarteko erreferente bihurtzea dute helburu: komunitate zientifiko kuantiko sendoa sortu eta indartzea, espezializazio handi-handiko talentua sortu eta erakartzea, eta horren industria zein enpresa arloko garapenaren alde apustu egitea.