Berriak

Ikerbasqueren 2017 urteko emaitzak aurkeztu dituzte

2017aren amaieran, Ikerbasquek ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 149 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 62 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 10 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.060 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, eta lehenengo aldiz, urteko 1.000 argitalpenen muga gainditu zuten nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan.

Ikerbasqueko ikertzaileek 2017an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 26.318.166 eurokoa izan zen (2016an baino 1.5 miloi euro baino gehiago). 2007az geroztik Euskadira 150 milioi euro erakatzea lortu dute guztira. Kanpoko finantzaketaz landutako 429 proiektutatik (aurreko urtean baino 24 proiektu gehiago) bederatzik ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 804 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 34 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (124), italiarrak (21), alemaniarrak (11), errusiarrak (7), britainiarrak (7), kanadarrak (6), ukraniarrak (5) eta estatubatuarrak (5), baina badira Europa, Amerika eta Asiako beste 26 nazionalitatetako pertsonak ere. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 77, emakumezkoen % 23aren aldean.

Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, gehienak Zientzia Esperimentaletakoak dira (% 49). % 14 giza eta gizarte zientzietako adituak dira, % 12 teknologia eta ingeniaritzakoak eta gainerako % 25 biologiakoak eta medikuntza-zientzietakoak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 108 ikertzaile UPV/EHU-n lan egiten dabiltza. Gainerako 113k Deustuko eta Mondragoiko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mepeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla. Ikerbasquek kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (UPV/EHU, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak, CEIT-IK4 ikerketa teknikoetarako zentroa, Tecnalia barne dauden ikerketa-zentroak eta Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa). Guztira, Euskadiko 23 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.